Mendez mendeko janzkera

Mendez mendeko janzkera

Mendez mendeko janzkera

K

Janzkera historikoa galdua da. Arropa haiek aspaldian erabiltzen ziren, eta ez dago argazkirik, eta ia ez dago aztarnarik, edo aztarnak salbuespenezkoak dira.

Erronkariko janzkerari dagokionez, emakumeek XVIII. mendearen bukaera arte jantzitako arropaz ari gara. Kontuan hartu behar da gizonezkoen janzkerak ia ez duela aldaketa nabarmenik izan, ez bada –nagusiki– kapelaren bilakaeran izan.

Erronkariko emakumeen janzkera zaharrari buruzko lehen aztarna XVII. mendearen lehen erdikoa da; margolan bat da eta emakume erronkariar baten irudia ageri da. Margolana Mª Elena de Arizmendi Amiel andreak aurkitu zuen  antikuario batean, duela zenbait urte. Andre hori antzinako pintura-lanen zalea zen, eta Vascos y trajes liburuaren egilea, Donostiako Udal Aurrezki Kutxak 1976an argitaratua. Ez dakigu margolana nork egin zuen, baina irudian emazteki erronkariar bat ageri da, halako buruko eta soineko batekin. Janzkerak ez du deus ikusirik gero erabili denarekin.

Aurkikuntza horren aitzinetik eta ondotik, Mª Elena Arizmendik berak halaxe dokumentaturik,  aipatu liburuan, sei margolan edo irudi ageri dira eta, haietan, janzkera horren beste horrenbeste bertsio daude, guztiak ere XVII. mendearen lehen erdian margoturiko margolanaren ondokoak; zehazki, margolan horren erreprodukzioak edota bestelako bertsioak dira eta jantzi horien edo aldaeren bilakaera erakusten dute.

Badago aipatu margolanaren oso pintura-lan antzekoa. Ez dakigu nork egina den, baina  Juan de la Cruz Cano y Olmedillok jaso zuen Colección de trajes de España liburuan, Madrilen 1777an plazaratua.

Bigarren bertsioa Viero abizeneko pintore eta miniaturista italiar batek ondua da. Izan ere, 1790ean eginiko lan batean, Nafarroako Erresumako Contadina eskaintzen digu, eta irudian ageri dena Erronkariko emakume bat da.

Hirugarren bertsioa “Colección General de los Trajes que en la actualidad se usan en España” argitalpeneko 68. irudiari dagokio. Lana 1801ean hasi zuen Madrilen Rodríguez delako batek.

K

Hurrengo bertsioa Frantzian egina da, XIX. mendean. Egilea Saint Sauver da. Bertsio hau Madrilgo 69. zenbakiarekin dago erregistraturik  Madrilgo “Archivo Museo del Pueblo Español” zentroan.

Bosgarren irudia hirugarrenaren kopia da. Donostiako San Telmo Museoan dagoen Lezama Leguizamón bildumatik heldu da, eta ziur aski, XIX. mendekoa da.

Eta seigarren eta azken bertsioa Juan D’Ivoriren grabatu bati dagokio. Erronkariko emakumearen ikuspegia aurretik egina da; gainerako bertsio guztietan, ordea, ez. Marrazki hau Vestidos típicos de España lanean argitaratu zen, Bartzelona, 1936an.

Irudi horiek oinarri harturik, ez da erraza azaltzea zer-nolako arropak erabiltzen zituzten emakume erronkariarrek. Burukoaz gain, entziklopedia honetan banaka azterturik, ondorioztatu dezakegu soineko-tunika bat janzten zutela lepotik gerruntzeraino, eta mahuka erdia hertsitu gabe. Azpian, eskumutur hertsituko atorra mahuka luze bat ageri da. Eta horren guztiaren gainean, berriz, kapelina gisako bat, aitzinetik irekia, eta atzetik beheko muturrean bildua. Bularraldeko apaingarri kargatuaz gain, gerriko zabala da gauzarik deigarriena, aipatu ditugun arropa horiek guztiak gerruntzean hertsitzeko. Gerrikoaren aitzinaldetik, erdi-erdian, oihal-atal bitxi bat dago zintzilik,  arra bete zabal, gerruntzetik orkatilaraino jaisten dena soinekoaren luzera hartu gabe. Nolanahi ere, irudiak ikusirik, bestelako interpretazioak eta hipotesiak egin daitezke jantzi horiei buruz, hemen emanikoak bezain baliozkoak.

Horrek guztiak adierazten omen du Erronkari Ibaxean ez dagoela janzkera galduaren atalik batere. Ipar Euskal Herrian, Claude Iruretagoyena ikertzaileak dauka bere bilduman emazteki jantzi erronkariar bat; garai hartako grabatuetan oinarriturik egin du.