Burgi hegoaldeko atea da Erronkariko Ibarrean sartzeko. Izan ere, Ezka ibaiak mendi-zintzurra zizelkatu du Borreguil (1.420 mt.) eta Peñako Ama Birjina (1.294 mt.) mendien artean, eta behin arroila gurutzatutakoan, Burgik onki xin erranen digu, hau da, ongi etorri, herriko zubi ederra dakusagun bitartean. Zubia Erdi Arokoa da, erromatar moldean egina.
Lau begi ditu, eta urtero, maiatz hasieran, Ezka ibaiko almadiek begi horietako bat zeharkatzen dute Almadiaren Egunean, garai bateko lanbidearen oroigarri. Egun ederra da zinez, eta Burgiko ikur bilakatu da. Lehenago, bortuetako oihan handietako zura, hain zuzen ere, ontzi berezi horien bitartez ateratzen zen.
Burgiko dermioan, natur balio handiko lekuak daude, hala nola “Sasiko idoiak” eta “Burgiko Arroila”. Zintzur horretan Europako sai koloniarik handienetako bat dago, labar eta malkarretan habia egiten duten harkaiztietako hegazti anitzekin batera.
Arkitektura erlijiosoa
Gazteluko Ama Birjinaren Ermita
Herriko alderik gorenean dago. Oinplano laukizuzena du, eta zurezko goi-koru bat oinetan; sakristia txikia epistolaren aldetik dago burualdeari atxikia, eta sabai aizuna du estalkitako. Ate gainean erdi-puntuko arku bat dago: dobelak eta tinpanoa mentsuletan daude bermaturik.
San Pedro eliza
XVI. mendearen lehen erdian zehar eraiki zen, estilo gotiko berantiarrari jarraikiz. Oinplanoa gurutze latindarra da, nabeak hiru tarte ditu eta burualde trapezoidala. Kanpoaldean, horma-bularrak ditu tarteak markatzeko, dorre handi bat oinetan, eta ataria epistolaren ondoan. Barnealdean, XVII. mende erdialdeko erretaula barroko bat besterik ez dago, garai neoklasikoan birmoldatua.
Egungo organoa Leireko monasteriokoa da jatorriz eta kaxa neoklasikoa dauka. Sakristian, San Sebastianen eskultura barroko bat dago, XVII. mendekoa, bai eta hainbat kaliza ere, horien artean eskema gotizistako bi dira nabarmentzekoak, biak ere XVI. mendekoak; halaber, ekisaindu neoklasiko bat eta Gazteluko Ama Birjinaren irudi gotiko bat, XIV. mendekoa, izen bereko ermitatik eramana.
Gazteluko Ama Birjinaren ermita
Eraikin handia da eta herritik kanpo dago. Oinplano laukizuzenak lau tarte ditu, laurak ere ertz-gangez estaliak, erdi-puntuko parpain-arkuz hornituak. Badirudi XVI. mendekoa dela, eta kofradiaren etxea dauka atxikia. Kanpoaldean, silarrixkaz egindako horma, eta horma-bular sendoak alde nagusietan. Bi isurialdeko teilatua, ataria, eta fatxada kanpai-hormarekin, 1975ean eraikiak.
Arkitektura zibila
Udaletxea
Plazan dago, eliza ondoan. 1850 inguruan eraiki zen. Eraikin exentua da, hiru solairuz osatua. Hormak harrizkoak dira.
Erdi Aroko zubia
Ezka gaineko zubia, Erdi Arokoa. Tamaina ezberdineko hiru arku handi ditu, eta bi zubi-bular, erdiko arkuaren alde banatan. Laugarren arkua txikiagoa da, erdi-puntukoa, errepidearen ondoan. Harlanduz egina da ia bere osoan; harlandua handiagoa da behealdeetan. Karela silarrizkoa da.
Almadiaren Museoa
Almadiari buruzko museo etnografiko txikia da, Burgiko Udaletxean kokatua, Erronkaribarko almadiazain guztien omenez. Ederki kontatua dago nola egiten zen almadia, bai eta egurgileen eta almadiazainen lana ere. Lehenik, zuhaitzak enkantean atera, moztu, adarrak kendu, nola jaisten zituzten errekaraino (errekatu), eta nola garraiatzen zituzten errekan beheiti, Nafarroako Erriberan, Aragoin, Errioxan eta Katalunian saldu arte.