STARLIGHT HELMUGA TURISTIKOA

STARLIGHT HELMUGA TURISTIKOA

Erronkaribarrek “Starlight helmuga turistikoa” ziurtagiria lortu zuen 2017ko abenduan, Starlight Fundazioak emana, zeruaren kalitate bikainari eta astroturismoa abian jartzeko duen ahalmen handiari esker.
Starlight Fundazioak positiboki baloratu zuen Nafarroako Gobernuak “Gaueko Zeruaren Defentsari eta Izarren Argirako Eskubideari buruzko Adierazpenaren” (La Palma, 2007) printzipioekin duen konpromisoa, MaB Programako (UNESCO), Turismoaren Mundu Erakundeko (OMT) eta Nazioarteko Astronomia Batasuneko (IAU) adituek idatzitako dokumentua, zeru iluna goi-mailako zientzia, kultura, ingurumen eta turismo arloetako ondaretzat jotzen duena.
Ziurtagiria eman zen astronomiaren ikuspegitik zeruaren kalitatea definitzen duten parametroak neurtzeko lan handia egin ondoren, eta lurraldeak astroturismoa eta astronomiaren dibulgaziorako jarduerak garatzeko eskaintzen dituen aukerak aztertu ondoren.

Ziurtagiriak agertzen duenez, “Starlight helmuga turistikoa” bisitatzeko moduko lekua da, zeru izartsuak behatzeko ezaugarri bikainak dituena, eta, argi-kutsaduratik babestuta egonik, zeruan oinarritutako jarduera turistikoak garatzeko ezin egokiagoa dena.

Bestaldetik, ibarreko zenbait herrik argiteria egokitu dute Zeruaren Legera, argi-kutsadura murrizteko eta ingurumenaren ziklo naturala babesteko; bi landetxek “Starlight ostatua” ziurtagiria lortu dute; 2019an AstroRoncal-Erronkarizar elkartea sortu zen, 2018an astroturismoko begirale gisa trebatu ziren herritarrek osatua; eta Erronkaribarko Batzorde Nagusiak “Pirinioak La Nuit” Europako proiektuan parte hartzen du Nafarroako, Kataluniako eta Frantziako erakundeekin batera, Pirinioetako iluntasun naturala ekosistemen eta biodibertsitatearen kalitate-faktore gisa babestea eta hobetzea helburu.