Natura bizia

Burgiko Arroila

K

Burgitik hegoaldera kokatua dago, Nafarroa eta Aragoi arteko mugan berean, eta Ezka ibaiak zizelkatu zuen milioika urtean. Mendi-zintzur ikusgarri hau Natur Erreserba da, oparo-oparoa bai landare espezieetan (haritzak, hegoaldeko arteak, erkametzak, ezpelak; ibaiertzeko bazterretan, berriz, sahatsak eta makalak) bai animalietan (haien artean sai arreen kolonia garrantzitsua da nabarmentzekoa, eta horiez gain, ugatzak, zapelatz liztorjaleak, miru gorriak, arrano sugezaleak, belatzak eta beste).

K

Arroila zeharkatzen duen bidexkari esker, begiratoki txiki bateraino iritsiko gara; toki ederra da inguru honetako hegazti mota guztiak ikusteko.

Natur Erreserbaren barnean nafar lurraldean dagoen arroilaren zatia dago; hau da, mendi-zintzurraren herena baizik ez. Gainerako lurraldea Salbaterra Ezka herriaren lurretan baitago, Aragoin.

Gardeko intxaurrondoa

K

Zuhaitz eder honek hainbat mende ditu eta Monumentu Naturala da. Garde herriaren sarreran dago, eta handia zinez bai eitez bai neurriz.

K

Adibidez, gerriaren diametroa 1,81 da, eta garaiera, berriz, 17,30 m.

Belabarze

K

Izabatik Frantziara doan errepidean, herritik atera eta 3 km-ra, eskuinaldean toki-errepide txiki bat aurkituko dugu Belabarzeko ibarrera iristeko, Zurizara joateko norabidean (Huesca).

Naturgune ederra da benetan, lasaia eta isila. Ibar txikia, mendiz inguratutako ordoki zabala, Erronkari Ibaxean beti izan den turismo-presiorik gabea. Belabarzeko errekak sigi-saga gurutzatzen du ibar guztia alderik alde, eta ederki emankortzen ditu ordokian diren patata-alorrak, belazeak eta bazkalekuak. Harat-honat bordak daude.

K

Ezkaurre (2.047 m.) mendi ikusgarriak ezarria dio muga Belabarzeri hegoaldetik, ibar isilaren luzera osoan. Eguzki aldean, pinu edo ler gorria hazten da; alde ospelean, berriz, pagadi-izeidia. Guztien artean oihan-erreserba nabarmena osatzen dute. Oihan arteko bidexketan, egun oraindik ere oihaneko jauna dabil, hartz arrea, alegia.

Mintxate

K

Izaba eta Uztarroze artean dago, eta izenak berak dioen bezala, ate edo mendi-zintzur bat da, ederra, 200 bat metro luzerakoa. Atea zeharkatu ondoren, izen bereko ibarrean sartuko gara, 15 km ingurukoa, oinez edo btt-ez egiteko modukoa.

K

Zintzurreko hormetan sai arreen kolonia txiki bat ikusiko dugu. Udaberrian, elurrak urtzen direnean, errekan ur-jauzi ederrak sortzen dira.

Ezka ibaia

K

Ezka Erronkari Ibaxa iparraldetik hegoaldera zeharkatu eta egituratzen duen ibaia edo ugaltea da. Goi-mendietako ibaien ezaugarriak ditu eta beti egon da ibarraren garapen ekonomikoari lotua, oihanetako zura ateratzeko bidea izan baita, almadien bitartez.

K

Ingurumenaren ikuspegitik, ongi kontserbatua dago, eta hainbat espezie bizi dira, hala nola loina, barboa, amuarraina eta igaraba.