Erronkari Ibaxak historia aberats-aberatsa du, eta hain zuzen ere, horrexek bereizten du beste ibar edo leku batzuetatik, bai eta beste gauza batek ere. Hauxe da: erronkariarrek egin duten ahalegina beren historia gordetzeko eta belaunaldiz belaunaldi irakasteko.
1427ko suteak Izaba erretzearekin batera, sugarrek ibarreko artxiboa erraustu zuten, mugaldeko hiri horretako elizan gordea baitzegoen. Agiri sorta garrantzitsua galdu zen; paper baliosak, zalantzarik gabe, eta lagungarriak, zazpi herri hauen arteko elkartasunaren historia anitxez ere hobeki ulertzeko.
Dena dela, suak agirietan eragindako galera handia izanik ere, gure ibarrean bizirik iraun duten zenbait usadiok eta ospakizunek (armarria, Bardeara joateko eskubidea, Hiru Behien Zerga) nola edo hala erraten digute ahozko transmisioa egiazki dela Erronkaribarko historia gogoangarriaren bermea, fidagarritasun maila handiz gainera, hori dokumentatzeko moduko paperak falta badira ere.
Hala eta guztiz ere, eta suhartasunik batere gabe, labur ekarriko ditugu lerrootara zirriborraturik Erronkari Ibarraren nortasun historikoa osatu duten ezaugarririk nabarmenenak. Lanbide horretan, fidel eta inpartzialak izaten saiatuko gara, eta hurrenkera kronologikoari jarraituko gatzaizkio.

1345. Batasunaren Hitzarmena
1345eko ekainaren 15ean, “Panifikatuen Araubidearen eta Batasunaren Hitzarmena” izenpetu zen Urzainkin. Mankomunitate edo “unibertsitate” bat eratua zegoela jakinarazten digun lehen agiria da. Hitzarmeneko testuaren arabera, ohikoa zen Erronkariko hiri guztien ordezkariak (mandatariak) aitzinetik ere batzar nagusian elkartzea, urtean behin, ibarrak zituen arazoak elkarrekin aztertzeko. Horrek erran nahi du garai hartan bazela Erronkari Ibaxako Batzorde bat, gaur egun bezain garatua ez bazegoen ere.
Horrela, 1345 hartan, Urzainkin, hiri guztietako 50 ordezkari inguru bildu ziren, Trinitatearen hirugarren egunean, erran nahi baita, ekainaren 15ean. Bilera hartatik lehen arbitraje-agiria atera zen, hau da, ibarreko lehen ordenantzaren gisakoak edo bizikidetzari buruzko lehen akordio idatziak. Izan ere, akordio bat egin beharra zegoen, oinarrizko bi jarduera orekaz eta batera elkarrekin moldatu ahal izateko; abeltzaintza eta nekazaritza, alegia.
Lehena auzokide guztien jarduera nagusia baitzen, eta bigarrena, berriz, elikatu beharrari lotua zegopen. Hori dela eta, “que los unos dezian que sin panificados he bedado no fuessen los terminos que labor se fazian que aquellas labores e panes con que se abian a mantener en la vida presente, que los ganados les destruyan sus panes, tanto que los de quiheran como a la yglesia de sus diezmos e primicias”.
Ibarraren Batzordearen artxiboan, 1582ko kopia bat gorde da, Izabako hiriaren enkarguz egina. Enkargu hori irakurrita, ondorioa da jatorrizko agiria Ibarreko artxiboan gordea zegoela, eta artxiboa Izaban berean zegoen. Horrek, nolabait, Florencio Idoate historialariaren hipotesia indartzen du (loteslea ez bada ere), hots, Batasunaren Hitzarmena 1435ekoa dela; ez, ordea, 1345ekoa. Baliteke zenbakiek dantza egin izana kopiaren batean. Ez dugu ahantzi behar 1427an artxibo horretako paper guztiak erre zirela.
1607. Gorteetan jarlekua izateko eskaera
Agiriek salatzen dutenez, Erronkari Ibaxak aspaldi-aspalditik eskatu zuen behin eta berriz jarleku bat Nafarroako Gorteetan. Erronkariarren iritziz, Ibarrak bazuen Gorteetan jarlekua izateko eskubidea, bai ibilbide historikoari begira, bai mendez mende eskuratutako eskubideei begira.
1607an, beste behin ere, Erronkari Ibaxak “grazia edo mesede” hori eskatu zien goikoei, baina ukatu egin zioten, eta gainera, argudio mespretxagarri samarrak erabiliz, hala nola Erronkariko hiriak munta eta kalitate txikikoak direla, bakoitzak gehienez ehun auzokide ere ez zituela, eta pobreak zirela.
Bitxikeria bada ere, fiskalak bestelako argudioak eman zituen ezezkoa arrazoitzeko, hots, erronkariarrak euskaraz mintzatzen zirela.
Hortaz landara, honatx zer erran zuen fiskalak: “no hay personas de partes y de buen hábito, para que puedan venir a hallarse en las Cortes, porque todos los vecinos de las dichas villas, sin exceptuar ninguno, andan vestidos de ‘roncal’ y sin capa y con abarcas. Y que este es un hábito muy indecente y sería cosa indigna, que personas con tal hábito tuviesen asiento en Cortes”.
Dena den, Florencio Idoatek La Comunidad del Valle de Roncal lanean azaldu eta defenditzen duen bezala, egiazko arrazoia bestelakoa zen: “no abrir brecha y sentar precedentes que pudieran animar a otros valles a hacer lo mismo, comenzando con los fronterizos, ya que nadie se cree con menos méritos y derechos que el vecino”, eta bertzalde, jende gehiegik zeukala eskubide hori Erresuma barnean, Gorteen kalterako, aferen konponbidea luzatzen baitzen, eta gauzak are gehiago korapilatzen baitziren.
1785ean, berriz ere ukatu egin zitzaien erronkariarrei Gorteetan jarlekua izateko eskaria, antzeko argudioak erabiliz.
