Ezka ibaiak zeharkatua, herria Santa Barbara eta Arrigorrieta mendien artean dago.
Herriko etxeen banaketak argi eta garbi erakusten du zer-nolako eragin handia izan duten oihangintzak eta zur ustiapenak ibarrean, herriaren egitura ibaiko kai zahar baten inguruan antolaturik baitago.
San Salbadorreko ermita da nabarmentzekoa, errepide ondoan, eta San Martin eliza, bai eta eraikuntza zibilak ere; zehazki, XV. mendeko dorretxe bat da aipatzekoa.
Arkitektura erlijiosoa
Eliza barrokoko gune nagusia XIII. mende hasierako eraikuntza aitzin-gotikoari dagokio. Gero, XVI. mendean, atari bat erantsi zitzaion, eta barroko garaian, ziurrenera, alboko nabeak ere bai. Erdiko nabea gurutze-gangaz estalia dago; albokoak, berriz, ertz-gangaz, eta kapera nagusia, azkenik, sei zatiko gangaz. Erdiko nabearen azken tartean koru bat dago. Kanpoan, ezkildorrea da nabarmentzekoa, Erdi Aroko elizek ohi zutenez, bai eta tertzelete-gangaz estalitako atari bat ere. Barnealdeko zilarrezko piezen artean, erlikia-ontzi gotiko bat nabarmentzen da, Iruñeko San Zernin burguaren marka duena, eta prozesio-gurutze errenazentista bat. Halaber, XVI. mendeko taula gaineko margolana aipatu behar da, izaera flandriarreko Ecce Homo bat irudikatzen duena.
San Salbatoreko Ama Birjinaren Ermita
Lehenagoko parrokia-eliza izan zen, eta elizaren estilo eta kronologia berari dagokio; hau da, molde gotikoan egina eta estilo barrokoan berreraikia. Nabeak hiru tarte ditu, burualde zuzena, gurutze-gangek estalia. Barnealdean, Ama Birjinari eskainitako tailu gotikoa aipatu behar da, XIV. mendekoa, bai eta tradizio flandriarreko ezaugarriak dituen gurutziltzatu bat ere.
Gurutzea
1597ko gurutze errenazentista, Ama Birjinaren tailu bat duena. Oinezkoendako lau harmaila ditu, erronbo itxurako apaingarriak, fuste ildaskatua eta kapitel konposatua, non erremate kalatuz osaturiko gurutzearen hondarrak euskarrituta baitaude. Aurrealdeko gurutzea ildo espresibistari dagokio. Atzealdean, berriz, Ama Birjina kerubin gainean.
Arkitektura zibila
Udaletxea
Hemengo arkitektura-ezaugarrien arabera eraikia da, eta 1984an, berreraikia. Eraikina laukizuzena da; behe solairua eta lehen solairua ditu.
Urzainkiko Dorrearen hondakinak
XVI. mendeko eraikuntza da. Atari zorrotza du, dobela handiekin, xafla-estalkia, eta Kristoren anagrama giltzarrian.
Krutxaga Etxea eta Melikotx Etxea
Gazteluko auzoan edo Ingruñian kokatua; atari handi portikoduna nabarmentzen da, eta solairu nobleko balkoiaren gainean, armarri neoklasiko bat.