Gardalar errekak bustia, eta Calveira, Punta Barrena (Mitximaloa) eta San Migel mendilerroen artean kokatua, Garde aurkituko dugu.
Herri ederra da, ibarreko gainerako herrien parekoa, eta etxeek ederki gorde dituzte Pirinioetako arkitekturaren berezko ezaugarriak.
Herrigunean, sekulako intxaurrondoa ikusiko dugu, Monumentu Natural izendaturik dagoena.
Arkitektura erlijiosoa
Santiago Eliza
XVI. mendearen bigarren erdiko eraikuntza gotiko-errenazentista da, nabe bakarra, izar-gangez estalia; abside poligonala dauka, eta goi-koru bat arku arras murriztuaren gainean. Bi kapera ditu alboan, transeptu gisa, eta bietan badira XVI.-XVII. mendeen erdialdeko erretaulak, guztiak ere Nicolas Pejonek onduak. Erretaula nagusia Santiagori eskainia dago, 1697an Juan Bainesek kontratatua, eta Joakin Sueskunek urreztatua.
Zuberoako Ama Birjinaren ermita
Eraikin xumea, Calveira mendian kokatua, herritik hiru bat kilometrora, XVI. mendean eraikia, eta XVII. eta XVIII. mendeetan zaharberritua. Gurutze latindarreko oinplanoa du, bi tarteko nabea, tertzelete-gangaz estalia. Ama Birjinaren irudia XIII. mendeko tailu erromaniko bat da. Hiru erretaula ditu eta pulpitu barroko bat. Tradizioaren arabera, Zuberoako Ama Birjina zezen batek aurkitu zuen, 1569an. Irudia herrira jaisten zutenean ermita eraikitzeko, desagertu, eta goian berragertzen zen. Deabrututako jendearen sendatzailea da; horrelako jendea erromes joaten zen ibar anitzetatik.
Arkitektura zibila
Udaletxea
Herriko plazan dago. XIX. mendearen bukaeran eraikia, hiru solairu ditu, eta arkupea behe solairuan, hiru arkuz osatua.
Ezker Etxea
XVIII. mendeko eraikina; herriko armarria du eta erdi-puntuko ataria.
Garbitegia
Herriaren sarreran dago.
Pedro Navarro, Oliveto kondearen monumentua
Herriko parkean dago, eta Fructuoso Orduna erronkariarrak egin zuen.
Gayarre Etxea
XVII. mendeko eraikin berritua, hiru solairukoa. Ataria erdi-puntukoa da. Armarria XVIII. mendekoa da eta bigarren solairuaren gainean dago, bi leiho laukizuzenen artean.