Erronkari

Erronkari

Erronkari

Erronkari

K

Erronkari herria ibarraren erdigunean dago, Ezka ibaiak zeharkatua. Etxeen egitura arras interesgarria da, Pirinioetako ibarretako etxeen berezko ezaugarri anitz dituztelako. Eraikinen artean, San Esteban eliza da nabarmentzekoa, bai eta hainbat etxe nahiz etxe handi ere, hala nola “Sanz Etxea”, Ganbra Etxea” eta beste. Beraz,

K

Erronkari nafar Pirinioetako herririk interesgarrienetako bat da. Erronkariz ele egitean, Julian Gayarrez mintzatu beharra dago, abeslari ospetsua, bere jaioterria beti bihotzean eraman zuena. Horrela, Gayarrek behar adina diru eman zuen pilotalekua eta ikastetxea eraikitzeko. Gaur egun, haren Museo Etxean, tenorraren gauza anitz daude ikusgai, eta mausoleoa ere bisitatu beharra dago, interes kulturaleko lana baita. Herriko kanposantuan dago.

K

Arkitektura erlijiosoa

San Esteban Eliza
Eraikina, gehienbat, XVI. mendean eraiki zen, molde gotiko-errenazentistari jarraiki. Oinean, nabe bat du, eta hainbat kapera horma-bularren artean, bai eta gurutzadura eta burualde pentagonala ere. Estalkian, nerbio zuzeneko izar-gangak ditu. Kanpoaldea silarrizko bloke handi eta sendoa da, eta dorrea nabarmentzen zaio azken tartearen gainean. Elizan sartzeko atea erdi-puntukoa da eta hiru tarteko atari baten azpian dago. Barnean, zortzi aldeko erretaula handi bat dago, barrokoa eta churriguereskoa. Koruko aulkiteria barrokoa da, XVIII. mendekoa. Zilarrezko gauzen artean prozesio-gurutze bat nabarmenduko dugu, gaina urreztatua duela, molde gotiko berantiarrean egina.

Gazteluko Ama Birjinaren Ermita
Herriaren mutur batean dago, gain batean. Ermita Gaztelu izeneko auzoan dago; beraz, ziurrenera, noizbait ere, gazteluren bat izanen zen. Egungo eraikina XVI. mendekoa da; oinaldea gurutze grekoa da, tarte bateko nabe batek, gurutzadurak eta burualde zuzenak osatua. Korua zurezkoa da, oinetan egina. Argia erdi-puntuko leihoetatik sartzen da barnera. Gazteluko Ama Birjina da tenplu-burua; zehazki, eseria dago, haurra duela. XII. mendearen bukaerako irudi erromanikoa da. Fatxadak XVII. mendeko atari bat du, erdi-puntukoa, alde banatan pilastrak dituela. Goialdean, kanpai-horma soil bat dago.

 

K

Nabarzatoko San Sebastian Ermita
Mendian dago, Nabarzato izeneko herrixka hutsean, herritik 45 bat minutura oinez. Molde erromanikoan egin zen; oinplanoko nabea laukizuzena da, eta burualdea, erdizirkularra. Nabea zurezko habez estalia dago; burualdea, berriz, labe-gangaz. San Sebastianen tailu bat da ermita-buru, errenazentista, egun desagertua dagoen erretaula batean egonen zena. Kanpoaldea ederra da, eraikina txikia delakoz eta, era berean, naturaren erdi-erdian dagoelakoz.

Julian Gayarreren mausoleoa
Herriko kanposantuan dago eta Mariano Benlliureen lanik onenetako bat da, adituen erranetan. 1895ean egina, 1900ean Parisko Erakusketa Unibertsalean erakutsi zen, arrakasta handiz erakutsi ere. Behin erakusketa bukatutakoan, lana berriz ere Madrila eraman zen. Erreginaorde Maria Cristinak  Teatro Real antzokiaren parean paratu nahi izan zuen. Gayarreren senitartekoek, ordea, osabaren borondatea oroitarazi zuten; Erronkariko kanposantuan ehorztea. Azkenean, Erronkarin ezarri zuten, tenorraren hilobiaren gainean, 1901ean. Eskulturak egiteko, brontze burdinurtua erabili zuten, eta gainerakoa egiteko, berriz, marmola, eskalinata barne. Goialdean Ospearen Jeinua ageri da, abeslariaren ahotsa oraindik ere entzun nahian. Bi irudik goratzen dute brontzezko hilkutxa, hots, Harmoniak eta Melodiak, biak ere marmolezko ontzi batean bermaturik. Ontzian, inguruz inguru, jeinutxo andana bat ageri da zizelkaturik, Gayarrek abestutako lan handien izenei eutsita. Oinarrian, emakume kontsolaezin baten irudia ageri da, lira hautsirik duela. Musikaren alegoria da, negarretan, abeslari bikainaren heriotzak jota.

K

Arkitektura zibila

Udaletxea
Errepide ondoan dago. Lau solairu ditu, eta kanpoko hormak zarpiatuak eta margotuak daude. Arkupeak ditu, eta haien gainean, galeria handi teilatudun bat. Eraikinean udal liburutegia dago.

Erronkariko Ibaxaren Batzorde Etxea
1956an eraikia. Erronkariarren berezko jantziak daude ikusgai.

Julian Gayarre Museo Etxea
Julian Gayarrek 1876an bere sortetxearen gainean eraikiarazitako etxean dago. Abeslariaren ahaideak han bizi ziren, eta Gayarre bera, berriz, oporraldietan. Oinplano karratua du, hiru solairu eta sabaia. Teilatua lau isurialdekoa da. Barnealdea egokitu behar izan da Museo Etxea antolatzeko. 1990eko urtarrilaren 2an inauguratu zen, hau da, abeslariaren heriotzaren mendeurrenean. Honatx zer dagoen ikusgai. Behe solairuan: Gayarre bere garaian kokatua dago agiri, argazki, domina, partitura eta oparien bitartez; guztiak ere arasetan ikusgai. Gauza bitxiak ere badira, hala nola billar-mahaia, bizikleta, kalesa… Gayarrek bere bidaietan erosia. Lehen solairuan: Gayarrek bere emanaldietan erabiltzen zituen jantziak eta osagarriak, bai eta opariak, gutunak, pentsa eta argazkiak ere. Bigarren solairuan: tenorraren logela, garai hartan zegoen bezala, eta gela batean, abeslariaren pianoa eta beste gauza batzuk. Fatxadan brontzezko xafla bat paratu zen, Fructuoso Orduna erronkariar eskultoreak egina, Erronkariko herriak abeslariari eskainia.

Lopez Etxea
Arana auzoan dago eta 1777koa da. Hiru gorputzeko atal kubiko handi eta ederra da; beheko gorputza harlanduz egina, eta beste biak, luzituak daude, bao eta izkinetan izan ezik, harri landuek nabarmenduak. Beheko solairuan atari arkupedun bat dago; erdi-puntuko bi arku dira zutabeen eta balaustradaren gainean eraikiak; arkuak irekiak daude fatxadan, eta alboetan, berriz, arku bakarra dago. Arkupearen barnealdean, etxe handi honetako ataria dago; erdi-puntuko arku bat da, haria rocallarekin apaindua duena. Bigarren solairuan, berriz, armarri rococo bat dago, haurrek eutsia; tinbrean edo armarriaren gainaldean kasket bat dago. Ibaxako armarriak ageri dira, errege-buru bat zubi gainean eta harkaitzak.

K

Gambra Etxea
XVIII. mendeko etxe barrokoa (1739), Iriartea auzoan kokatua. Bi gorputz luzitu ditu, kontrastean baoetako harlanduarekin. Ataria erdi-puntuko arku bat da, euri-babes gisako batekin, eta giltzarrian, 1759. urtea. Sarrera gainean, hiriko armarria dago, rocalla apainketarekin, eta tinbrean kasket bat. Armarriko lehen kuartelean, errege mairuaren burua dago zubi gainean; bigarrenean, erbi-txakurra; hirugarrenean, dorrea, eta laugarrenean, harkaiztia. Diotenez, barnealdean pasabideak eta ezkutalekuak omen daude, guztiak ere garai nahasi bati dagozkionak: XVIII. mendetik XX.era doan garaiari, alegia.

Sanz Orrio Etxea
XVIII. mendearen bigarren erdiko jauretxea. Fatxada barrokoan atea eta armarria dira nabarmentzekoak. Armarrian eguzkia ageri da: hau da, Amerikan zerbitzua egin zutenei ematen zitzaien ikurra. Oinplanoa karratua da, hiru solairu ditu, eta lau isurialdeko teilatua, teilatu txiki batez estalitako linterna batek hautsia. Lehenago, linterna horretan ezkila bat egon zen, etxe honetan Batzordeak egiten zituen bileretarako deia egiteko. Barnealdean, eskailera zentrala da azpimarragarria, bai eta molde zaharreko sukaldea ere, beheko sua eta suburu handi bat dituena.

Naturaren Interpretazio Zentroa
Naturaren museo bat da. Horrela, ikus-entzunezko, panel, maketa eta bideoen bidez ederki azalduta daude gure Ibaxako landare eta animalien ezaugarriak, bai eta biztanleen ohiturak eta bizimoldea ere.

Garbitegia
Arana auzoan dago. 1771koa da, baina 1996an berritu zuten. Harri batean idazkun hau dago: “Marichalar me fecit. Ano 1771”.

K

Arkeologia aztarnak

Lubrakietako trikuharria
Trikuharria Erronkariko dermioan dago, baina Belabarzeko ibarraren zolan dago, Izabatik Zurizara doan bidearen ondoan. J. Eloseguik 1943an aurkitua.
K