Erronkaribarko ekonomiaren oinarri nagusia abeltzaintza izan da, mendez mende. Artzaintza betiko ofizioetako bat izan da, eta gaur egun, oraindik ere halaxe da.
Artzaintzak, ordea, berezitasun nabarmen bat izan du Erronkarin; transhumantzia. Izan ere, urtero, irailean, Erronkariko ardi saldoak Errege Bardearaino joaten dira, hau da, Nafarroako Erriberaraino. Han, negu guztia ematen dute, Erronkaribar estaltzen duten elurretatik urrun, eta maiatzean itzultzen dira, Bortuetako bazkalekuak gozo-gozo eta oparo-oparo daudenean.
Izenak dioen bezala, Errege Bardea izeneko lurraldea Koroaren jabetzapekoa zen. Gizaldiz gizaldi, historian barrena, Nafarroako hainbat herri izan dira erregeren grazia horren merezidun, eta horri esker, bazkalekuak neguan erabiltzeko eskubidea izan dute.
1705ean, betiko itxi zen Errege Bardea aprobetxatzeko herri eta erakundeen zerrenda. Horrela ba, honatx zer herri eta entitateri dagokien Bardean ardi saldoekin sartzeko eskubidea: Nafarroako Erriberako 19 herriri, Olivako monasterioari, eta Pirinioetako Zaraitzu eta Erronkari ibarrei.
Hain zuzen ere, Erronkari Ibaxa izan zen eskubide horretaz gozatzeko lehen entitatea; eskubidea, zehazki, 882. urtean eman zitzaion, gerra merezimenduengatik.
131 kilometroko bide zabal bat moldatu zen Erronkariko ardi saldoak Errege Bardearaino joateko; bestela erranik, iparraldetik hegoaldera, Erronkariko Bortuetako bazkalekuetatik Bardeako eremuetara joateko. Ardibideak, zehazki, Belagua (Arrakoko ermitaren inguruak) eta Ebro ibarra lotzen ditu, eta Aragoiko Tauste herriko mugaldean bukatzen da. Gaur egun, bete-betean erabiltzen da.