Uskara

K

Euskalki hau, gure Ibaxako janzkera tradizionaleko arropa batzuk bezala, paregabea da, eta Erronkaribar ederki nabarmentzen da beste edozein lekuren artetik. Erronkari ibaxako zazpi herrietan (hirietan) mintzatzen zen.

Aldi berean, Ibaxako orografia menditsu eta latzak eraginik, zaila zen erronkariarren eta beste ibar batzuetako jendearen arteko harremana, eta horren ondorioz, erronkarierak hizkuntza-formarik arkaikoenak gorde ditu. Europako dialektorik zaharrena da.

K

Bonaparte printzeak euskalkiei buruz eginiko azterketan erronkariera zubereraren azpieuskalkia zela erran zuen, baina, gaur egun, hizkuntzalari zenbaitek argi eta garbi bereizten dute Nafarroa Behereko eta Zuberoako euskalkietatik, bai eta biarnesa eta aragoiera erromantzeetatik ere. Bernardo Estornes Lasa hizkuntzalari izabarrak, berriz, erran zuen erronkariera hizkuntza bat zela, eta euskara hizkuntza multzo bat zela.

K

DESAGERPENA

XIX. mendearen bukaeran, erronkariera ohikoa zen etxeetan, dendan eta auzokideen arteko solasetan. Gizonek ere aski erdara bazekiten, beharrezkoa baitzuten ardi saldoekin Bardeara joaten zirenean, bai eta almadietan ugaldetan beheiti egiten zutenean ere. Emaztekiak, berriz, Maulera joateko baizik ez ziren Ibaxatik ateratzen, espartinak egiteko, eta beti mintzatzen ziren euskaraz, mendiz bestaldean zuberera erabiltzen baitzen, eta hark erronkarieraren antz handia zuen.

Mende hartan berean, Karlistaldia bukatutakoan, Erronkaribarrera maisu-maistra erdaldunak etorri, euskara eskolan debekatu eta erabiltzen zuenari zigorra ezartzen zioten.

Ondoren, errepidea Izabaraino eginik, hura erdara sartzeko beste bide bat izan zen. Errepideak jende kanpotarra ekarri zuen, gehienbat Andaluziakoak eta Valentziakoak, Izabako oihanera lan egitera etorriak. Bestelakoak ere iritsi ziren, hala nola saltzaile ibiltariak, Belaguako ordokirainoko errepidea egitera etortzen ziren langileak, etab.

Horrek guztiak eraginik, sentimendu eta uste oker bat zabaldu zen erronkariarren artean; euskara erabiltzea ez zela erabilgarria, jakinik gainera hiriburuan gaizki ikusia zegoela; kulturarik ezaren baliokidea zela.

K

Horrela, XIX. mendearen azken laurdenean, Erronkariko euskara (uskara) beheiti hasi zen, gaitzak jota. Gero, XX. mendearen hasieran, etxe barnera zokoraturik baratu (gelditu) zen, eta inoiz-edo, auzokideen arteko solasaldietara. Euskal hizkuntza, lehenik, Burgin galdu zen. Badakigu 1866an “jende gutxiena mintzatzen dela euskaraz; gazteek ez dakite”, González Ollék bere “Vascuence y romance” lanean adierazi zuen gisan. XX. mendearen hasieran, euskaraz pixka bat ele erraiten zekiten burgiarrak arras gutxi ziren. Mende horren lehen herenean, 40-50 urtetik goitikoek erabiltzen zuten; handik beheiti inork ere.

Ama hizkuntza erabiltzeagatik eskolan zigortu zuten haur belaunaldi hura izan zen, hain zuzen ere, euskaraz mintzatu zen azken belaunaldia eta euskara jaso zuen azkena. Handik aitzina, euskarak haur horiek bizi artean iraun zuen, kontuan harturik XIX. mendearen bukaeran izan zirela haur.

1967an Ubaldo Hualde jauna hil zen Izaban, hau da, Erronkariko euskaraz mintzatzen eta idazten zekien azken pertsona. 1992an, Fidela Bernat Aracues andrea hil zen Uztarrozen, erronkarieraren azken hiztuna; hortaz, harekin betiko itzali zen Erronkaribarko ezaugarririk benazkoena: erronkariera, alegia.

K

EUSKARAREN ALDEKO LANA

Espainiako II. Errepublikan (1931-1936), Ibarrean “Erronkari’ko uskaltzaleak” izeneko elkartea sortu zen euskararen alde lan egiteko. Ibarreko Batzordearen babesa eskatu zuten euskaraz irakasteko klaseak sortzeko.

Handik hamarkada batzuetara, hirurogeita hamarreko hamarkadan, Nafarroako Foru Diputazioko presidenteordeak berak, Amadeo Marco jaunak, azken ahalegina egin zuen Erronkariko hizkuntza babesteko; zehazki, diru-laguntzak eman zituen erronkariera ikasteko eta sustatzeko.

Hamarkada hartan, euskarazko klaseak eman ziren udan, eta horretarako, Jose Estornes izabarrak erronkarieraz idatzitako liburua erabili zen. Erronkariko euskara galdu ondoren, orain ahalegina egiten ari da euskara batua gure Ibarrean sustatzeko.

Horrela, XX. azken urteetan, AEK iritsi zen Erronkaribarrera, hau da, helduen alfabetatze, euskalduntze koordinakundea, eta helduendako klaseak ematen hasi zen. Aldi berean, irakaskuntzan D eredua zabaldu zen, gurasoek erabakirik haurrek euskaraz ikasteko.

1996an, Kebenko kultur elkartea sortu zen, euskara gure Ibarrean sustatu eta bultzatzeko.

2001ean, Nafarroako Gobernuak euskarari buruz emaniko dekretuaren karira, Ibarreko hainbat udal arau berriaren kontra agertu ziren, dekretuak –haien ustez– Ibarrean euskara erabiltzeko eskubideen aurka jo zuelako, hala toki-izenetan nola herrien izen ofizialetan.

K

Arrazoi horixe bera dela eta, 2001eko apirilaren 21ean Erronkarin berrehun lagun bildu ziren, Kenbenko kultur elkarteak deiturik, eta Erronkaribarko gizarte eta kultur talde zenbaitek babesturik (AEK, Julian Gayarre ikastetxeko Guraso Elkartea, Naturaren Interpretazio Zentroa, Erronkari Ibaxako Eski Eskola, Euskara Zerbitzua, ibarreko animatzaile soziokulturala, Almadiazainen Elkartea eta Gaztelu taldea). Manifestazio hura “Euskera kaleratu” ekimenaren barnean egin zen, Kebenkok sustaturik, euskara Erronkari Ibarrean normalizatzea erdiesteko.

2004ko ekainean, karrikadantza bat egin zen Ibar guztian, eta errepidean, herri bakoitzeko izen ofizialaren ondoan, euskarazko izena paratu zen. Garden ez zen ezarri, izen bera baita erdaraz eta euskaraz, eta Izaba ere, bere garaian erabakia zuelakoz izena ele bitan izatea. Baina hara! Erronkaribarko bost hiri haietan ezarritako euskal izenak handik astebetera kendu ziren.

Euskararen aldeko lanean, Estornes Lasa anaia izabarren ahalegina aipatu eta goraipatu behar da. Ia bizitza osoan aritu ziren euskarazko hitzak, esaera zaharrak, esamoldeak, olerkiak eta abestiak biltzen, argitaratzen eta hainbat libururen bitartez hedatzen; besteak beste, gramatika bat Jose Estornesek egina, eta “Erronkariko uskararen hiztegia”, lan baliosa, Bernardo Estornesek ondua, hirurogeita hamar urtean egindako ahaleginen erakusgarri. Erronkariera galdua da, baina Estornes anaien lanari esker, ederki dakigu nolakoa zen Erronkaribarko euskalkia.