Uztarroze izen bereko erreka bazterrean dago. Erronkari Ibaxako herrien artean, iparraldekoena da, eta azkena, auzo ibarrean sartu aitzin, Zaraitzun, alegia.
Azienda tradizio handikoa, Uztarroze nafar Pirinioetako herrigunerik onenetakoa da. Eraikin guztien artean, Santa Engrazia eliza aipatu behar da, 1738ko organo ederra duena. Herritik hurbilxko, Mintxate dago, hau da, mendi-zintzur ikusgarria, leku ezin hobea paseoan ibiltzeko eta hegazti harrapariak ikusteko.
Arkitektura erlijiosoa
XVI. mendean, molde gotiko-errenazentistan eraiki zen, Errege Katolikoak motako apaingarri xehetasun batzuekin. Nabe bakarra du, alboetan kapera -gurutzadura gisa-, eta burualde pentagonala. Nabea izar-ganga batekin estalia dago, eta gurutzadurako besoak, berriz, sei zatiko gangekin. Oinetan kokaturiko koruak zurezko habe bat dauka, 1591koa. Dorre handia nabarmentzen da, oinen tartean kokatua, eta haren barnean, tradizio erromanistako erretaula nagusia, Joan Uitzikoak ondua. Organoa bereziki aipatzekoa da, Nafarroako organo barrokorik onena baita adituen ustez, Matias Rueda eta Mañero maisu organogile iruindarrak 1738an egina. Organoa, gainera, maisu horrek egin bezalaxe dago gaur egun; eta gainerako guztiek aldaketak izan dituzte. Arras ongi dago, berrikitan zaharberritu baitute; hodiak bikainak dira egiazki, eta kaxa barrokoa ere ikusgarria da.
Patrozinioko Ama Birjinaren Ermita
Herrigunearen aitzinean kokatua dago, nola halako garaieran, kanposantuaren ondoan. XVIII. mendearen erdialdekoa da; nabe xume bat da, parpain-arkuen gaineko kanoi-gangez estalia. Kanpoko hormak luzituak daude eta izkinetan harlanduak dituzte. Ateak erdi-puntuko arkua du, eta idazkun hau giltzarrian: “año 1756”. Erretaula nagusian Patrozinioko Ama Birjinaren ikonografia da nabarmentzekoa. Ama Birjinak, zehazki, otoitzean ari diren irudi batzuk babesten ditu bere kaparekin.
Arkitektura zibila
Udaletxea
Azken urteotan, anitxetan berritu dute. Eraikinak inguru honetako berezko ezaugarriak ditu, eta kanpo-hormak luzituak eta margotuak daude. Barnean, lehenagoko eskolak daude.
Erdi Aroko Zubia
Herritik atera, eta Itzaltzuko bidean dago. Erdi-puntuko arkua du, eta malda handia.
Pilart Etxea
Ezpandoia auzoan dago. Fatxadak sarrera dinteldua du; habean ibarreko armarria dago elefanteen artean; goiko gorputza, berriz, irtena dago bi hegal-habe bikoitzen gainean.
Julian-Marco Etxea
Uztarroze erreka gaineko bigarren zubiaren ondoan dago. Herriko garrantzitsuenetako bat da. Erronkariko sukalde molde zaharra dauka, eta kono itxurako tximinia, hau da, sabai osoa hartzen duena. Halaber, zalgurdi bat dago eta Basiano pintore nafarraren margolan bat ere bai.
Krutxaga Etxea
Sarrerako atea zurezkoa da eta landua dago (bi hosto osatzen ditu bertikalean), eta Erronkariko ohiko irudiak ageri dira, hala nola Hiru Behien Zerga, almadiak, Gayarreren mausoleoa, transhumantzia, gazta.