Almadiaren Eguna

K

Oihangintza eta zura ibaian beheiti garraiatzea Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoa nafar ibarretako aberastasun iturri nagusietakoak izan ziren.

Gaur egun, Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkartearen lanari esker, almadia Burgiko nortasunaren ikurra da, urtero egiten den Almadiaren Egunaren bitartez. Egun hori herri tradiziorik jendetsuenetako bat da gaur egun, Nafarroan; azken ekitaldietan, konparaziora, 7.500 bisitari baino gehiago joan izan dira.

K

Eguna urtero egiten da maiatz hasieran. Hainbat almadia jaisten dira Ezka ibaian beheiti 5 kilometroko ibilbidean, eta Burgiko Erdi Aroko zubiraino iristen dira herriko presa gainditu ondoren. Almadien jaitsieraz gain, urtero kultur, kirol eta dantza ekitaldi anitx egiten dira, hala nola erakusketak, musika emanaldiak, dantzak, artisautza azokak, herri bazkaria, ikus-entzunezkoak, antzerkia, herri kirolak, dantzaldiak, etab.

Urtero, gainera, “Urrezko Almadia” deritzon saria ematen zaie kultur, kirol eta zientzien munduko jende ospetsu eta erakundeei.

Eguna maiatzaren lehenaren inguruan ospatzen da. Argibideak, web honetan:
www.almadiasdenavarra.com

K

Zer dira almadiak?

Almadia hainbat enbor tartez osaturiko baltsa bat da. Luzera bereko enborrak dira eta landare-abarren bidez daude elkarri loturik (hurritzezko abarrak edota basa zumez egindakoak). Aitzinean eta atzean, arraunak eramaten dira, zurezko baltsa errekan beheiti gidatzeko edo eramateko.

Nafarroako Pirinioetako ibarretan, oihanetako aprobetxamendua aspaldi-aspalditik izan da diru-iturri nagusia, eta enborrak ugaldean beheiti garraiatu dira zura saltzen zen lekuetaraino. Gero, zura eraldatu eta erabiltzen zen. Zura almadien bidez garraiatzen zen, almadiak egin ondoren.

Almadia egiteko modua

Almadia prestatzeko lana oihanean hasten zen. Lehenik, zuhaitza moztu behar zen. Behin zuhaitza lurrera botatakoan, adarrak mozten zitzaizkion. Ondoren, behar bezala paratzen zen enborrak ahalik eta hobekien trontzatzeko edo zatitzeko; 4 eta 6,40 metro arteko puskak edo zatiak egiten ziren.

Zuhaitza adargabetu eta trontzatu ondoren, enborra eskuairatu behar da; enborrak ongi finkatua egon behar du. Kedarrez blaitutako lokarri bat erabiltzen da enborra markatzeko, eta enborrean zehar zabaltzen da, saihets batean eta bestean; horrela, enborra prest dago eskuairaz landua izateko. Lan hori egurgilerik adituenak egiten du. Lehenbizi, enborraren lehen bi aldeak lantzen dira, eta gero, bira ematen zaio, eta beste biak lantzen dira.

K

Behin enborrak prestaturik daudenean, oihanetik atera behar dira mendian beheiti erreketako uraren indarra baliatuz; horri enborrak errekatzea erraten zaio. Bertzenaz, mandoak erabiltzen ziren. Horrela, mandoei larruzko lepoko lodi bat paratu behar zaie; lepoko horretatik kateak abiatzen dira eta, soka-muturren bidez, enborrari lotzen zaizkio; zehazki, enborrean iltzaturik dauden txingei edo burdinazko puntei. Bertzenaz, enborra barrena batekin zulatu, eta soka-muturra zulotik pasatzen zen. Horrela, zura ugalde edo ibai bazterreraino eramaten da (atadero), bertan almadia eratzeko.

Ibai bazterrean, beraz, almadia egiten zen, enbor muturrak barrenarekin zulatuta. Horrela, enborrak landare-abarrekin lotzen zaizkio elkarri; lau eta bortz metro arteko tarteak osatzen ziren. Behin tartean prestaturik, ibaira arrastaka sartzen dira, eta uretan, lauzpabost tarte muntatzen dira, baita zazpi ere, zuraren lodieraren arabera.

Almadia muntatu ondoren, aitzineko edo puntako arraunak paratzen dira, bai eta atzekoak ere, eta “arropategia” ere bai; egitura goratu bat da arropa eta zakutoak zintzilikatzeko, ibaietako urak ez bustitzeko.