Azken urteotan Erronkaribarko Batzorde Nagusia turismo aktiboa sustatzeko azpiegiturak, produktuak eta ekimenak sustatzen ari da, biztanleria finkatu ahal izateko lanpostuak sortzea helburu, horien artean 2019an egokitutako Bidexken Sarea eta 2022an sortutako BTT Gunea. Aurten Batzordeak esperientzia pilotu bat egin du ibiltariek eta txirrindulariek bidexka horien erabilera partekatzeko Izaba eta Uztarroze lotzen dituen GR Errege Bidearen adarrean, gehien erabiltzen denetako bat.
Proiektuak Nafarroako Gobernuaren Nafarroa Ezagutu Sarearen dirulaguntza jaso du, eta hori gauzatzeko lan-merkatuan sartzeko zailtasunak zituen pertsona bat kontratatu zen, motozerra eta sastrakak garbitzeko makina erabiltzeko prestakuntza jaso zuena. Langile horrek bidea egokitzeko eta zabaltzeko lanak egin eta seinaleak jarri ditu.
Proiektuaren ebaluazioa oso positiboa izan da, bai pertsonaren kontratazioari dagokionez, bai ibiltariek eta txirrindulariek bide bera erabiltzeari dagokionez. Ez da inolako gorabeherarik izan, eta bidea ibiltariek bakarrik erabiltzen zutenean baino baldintza hobeetan mantendu da.
Ekimen honen arrakasta dela eta, Izaba eta Belagua lotzen dituen GR Errege Bidearen adarra ere bizikletetarako egokitu da, eta aurrerago gauza bera eginen da Burgi eta Bidankoze artekoarekin.