2022ko urriaren 8an, San Migelen Batzarra egin zen Puyetako Andre Mariaren baselizan.

Batzar hori 2008an berreskuratu zen eta horretan Ansoko kontzejuko eta Erronkaribarko Batzordeko ordezkariak biltzen dira, beren jantzi tradizionalak jantzita, gai komunak eta bi ibarrentzat interesgarriak izan daitezkeen proiektuak jorratzeko. Historikoki bitartekaritzarako, gatazkak konpontzeko eta elkarlanerako bilgunea izan da. San Migelen Batzarra, Puyetako Batzarra ere deitua, Pirinioetako kulturan funtsezkoak izan diren auzo-itun zaharrenetako bat da.